XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gas lanparak gero eta bakanago ageri ziren, eta kaleak estuago eta ilunago.

Batean, gidaria galdu egin zen, eta atzera egin behar izan zuen berriro bere bidea milla erdi batez edo.

Lurrin zuriska igotzen zen zaldiarengandik, hau ur putzuen gainetik zihoan bezala.

Kotxearen aldamenetako leihoak, franelaren gris koloreko bapainu batek estaliak zituen.

Arima zentzuen bidez sendatu, eta zentzuak arimaren bidez!.

Nola zebilzkion hitz horiek belarrietan, batetik bestera bueltaka!

Arima, egia esan, gaiso zuen, hiltzear.

Egia ote zen zentzuek senda zezaketena?

Kulparik gabeko odola izan zen isuria.

Zerk ordainduko ote zuen hura?

Ah, halakoak ez zuen inongo ordainik; baina barkamena ezinezkoa baldin bazen ere, ahaztea zitekeena zen artean; eta erabakita zuen ahaztea, ostikoka kanpora botatzea, zapalduta txiki-txiki egitea, batek, kozka egin berri dion sugea, zapalduta txikituko lukeen bezala.

Izan ere, ze eskubide eduki zuen, bada, Basilek, mintzatu zitzaion bezala mintzatzeko?

Nork altxatu zuen, bada, hura, besteen juzgatzeko?

Beldurgarriak ziren gauzak esan zituen hark, nardagarriak, ez aguantatzeko modukoak.

Kotxeak aurrera-eta-aurrera egiten bazuen ere, ematen zuen pausu bakoitzeko polikiago zihoala iruditzen zitzaion Doriani.

Tranpa ireki zuen, eta gidariari hotsegin zion azkarrago joan zedin.

Opio gose nardagarri hura, barrenak hazkatzen hasi zitzaion.

Eztarria erre egiten zitzaion, eta esku fin haiek elkarrekin okertu eta bihurritzen ziren.

Erotuta, bere makilarekin jo zion zaldiari.

Gidariak barre egin zuen, eta zigorrarekin eman zion zaldiari.

Berak ere barre egin zion erantzunez, eta gizona isilik geratu zen.

Bideak bukaezina ematen zuen, eta kaleek berriz, baldar etzanda zegoen armiarmaren baten sarea.

Monotonia hura jasan ezina bihurtu zen, eta lainoa loditzen ari baitzen, beldurra sentitu zuen.